2011-06-16

hitzak badakielako isiltzen, nohizbehinka bada ere.


Kortesiazkoak, hotzak, familiartekoak, lagun artekoak, motzak, luzeak, epelak, beroak, umelak, oso beroak , agur esatekoak, maitale-artekoak, sarkorrak, mingainik gabeak, oso umelak, maisailetakoak, ezpainetakoak, bularretakoak, lepo-aldekoak, arnasik gabe geratzekoak…

Jende gehienak ezagutzen ditu gustoko ditugun horiek gordetzen dituzten sekretu gordinak. Baina zuk eta nik bakarrik dakigu askotan muxu soil batek dezakeela, milaka hitzek esan ezin dezaketena.

2011-06-14

hitzak zentzurik baduelako, buruz behera ere.


Zeru ilunean ilargiak keinu egitean esnatu eta berriz ere eguzkia jaiotzean lokartuko naiz aurrerantzean. Ez dudalako munduaren mesedetan bizitzeko gogorik, premiarik ezta indarrik ere. Gaurtik aurrera, hankaz gora jarriko dut  bizitza...

Negargurak eztarrian korapilo askaezina sortzen didanean, barrez lehertuko naiz; eta barre egin beharrean malko artean itoko naiz, zentzugabekeri handiena nire eginez. 
Inpotentziak eraikitako horma ikusezinen aurrean, negar, oihu egingo dut, alperrik izango dela jakinda ere. 
Triste sentitzen naizenean ezpainak gorriz margotuta irtengo naiz kalera eta pozik nagoenean zertarako zapalduko dut ba kalea, izara artean gordeta izerditan busti ahal banaiz behin eta berriro. 
Bakardadearen oihartzun isilenean, inoiz baino irrifartsuago aterako diot mingaina bizitzari, sudur gorri eta guzti. 
Armairuko gona motzena jantziko dut neguko egunik hotzenean eta larrugorritan ibiliko naiz euripean, nire gorputza tantaz tanta busti dadin, goxo-goxo, hotzaren berotasunean.  
Hankek eutsi artean egingo dut dantza, musikarik entzuten ez denean eta esna nagoela egingo dut amets, lo galduetako amesgaiztorik ilunena berriz ez sentitzeko. 
Zigarro baten kean itoko dut zure gainean etzateko gogoa, eta gorrotoaren gorrotoz maitatuko zaitut.
Lainoetan pausatuko ditut hankak astiro, eta bertatik, eguzkia gordetzen denean esango diot egunon gauari.

Hori besterik ez eta hori baino gehiago egingo dut, NIK nahi dudalako. Eta ez, ez zara zu izango nire mundua hankaz gora jarriko duena.

2011-06-12

dantzaldia ez dadila inoiz heriotzean erori!

Ba al zenekien gauero-gauero hiltzen dela egun bat?
Tira, horrela esanda tragikoegia ematen du.
Baina pentsa, eguna hiltzen denean gaua erditzen dela
Eta berarekin ekarri ohi duela, txuriz jantzitako dama.
Gauaren erregina.
Batzuetan lotsati samarra ematen badu ere,
esaten dute beti dagoela erne, iluntasunak ez dezan
 inoiz bere egin.
Nik badakit  dantzan ibiltzen dela
zeruaren alde batetik bestera, gelditu gabe.
Eta horregatik ikus dezakegu dantzaldi bera gauero
zuk eta guk.

Berak ere somatu dezake
bakarrik sentitzen zarela batzuetan,
egunak hiltzen direnean, batez ere.
Gorputz guztira eramaten duelako horrelakoetan
odolak herrimina. 
Eta horregatik galdetu izan diozu isilean, zer moduz gauden
 eta ea gogoratzen garen zutaz.
Dantzan jarraitzen du berak orduan,
baina, azkarrago eta arinago oraingoan,
berotasunez jaso dezazun
Euskal Herritik ere  ikusten dugun
ilargiaren dantzaldia.

2011-06-10

denborak ez ditzan hitzak ahuldu...


Kontatu didate esaten dutela, badagoela zerbait barneko ezinegonak sendatzen dituena. Denborak baretu omen ditu mina, amorrua, ezintasunak eragindako tripetakoa, damua, segurtasun eza....
Askotan, horiekin guztiekin bizitzen ikastea baino ez zaigu gelditzen, zama bizkar gainean dugula aurrera jarraitzea baino ez.
Baina batzuk diote, orduan egiten duela denborak gure alde. Berak laguntzen omen digu zamaren pisua gutxitzen, ondo edo bizi garela sinetsi dezagun.
Gainera, esaten dute heltzen dela egun bat, irudituko zaizuna zerbaitek zama horri lekua kendu diola, denborak benetan zure aldeko apustua egin duela; jarri dituelako bidean maitasuna, barre algarak, lagunak, poza, musuak,..... 

Baina bapatean, denbora kontra jarriko zaizu berriz ere eta konturatuko zara ezetz, pisu hori soinean daramazula oraindik eta ez dela sekula desagertuko; hor jarraituko duela zure gain, zu bere jabe.
Eta horrela, bere indarra gelditu ezinik, pasatuko da une bat, eta beste bat, eta beste bat, eta beste bat.... eta jendearen ahotan dabilen horrek ez du berriz ere zure, gure alde egin. Egingo du berriro ere agian, noizbait....

2011-06-09

hitzek ere zor dutelako...

Nork bere burua engainatzeko joera duela iruditzen zait sarritan. Edo eztakit,
nik nire burua engainatzekoa.
Baina, ez da gezurretan ibiltzea gustuko dudalako. Eske ematen du ondo egon behar dugula guztiok uneoro; pozik, bizi garelako eskerrak ematen bezela.
Eta horregatik kontatzen ditugu egi mozorrotuak gure golkorako; aurpegi ona janzteko laguntza izan daitezen.
Niri hori gertatu zait azkenaldian, baina badakizu gezurretan ibiltzeak
ez dakarrela inoiz onik.

Sinetsi nituen zure hitzak gau hartan,
eta barruraino irentsi.
Esan zenidan bion artekoa zela berezia eta ez zinela izango nor
ni inoiz mintzeko, nahita.
Eta orduan hala sentitu nuen neure burua.
Berezia zuretzako.
Nire zalantzak isiltzeko asmoz egin zenuen gero,
zuk ondo egiten dakizuna.
Goxo laztandu,
muxukatu epel
eta sartu,
bero.
Ni nintzelako berezia zuretzako.

Berandu konturatu nintzen;
zure ahoak ere askatzen dituela gezurrak,
noizbehinka.
Ni une batez engainatzeko bada ere.

Gogor saiatu naiz.
Baina nire buruak ez du lortu esan dizkiodanak sinestea.
Ze, kontatu izan diot ahaztu zaitudala
eta dardarek ez nautela berriro astindu
begietara begiratu izan didazunean zuzen.
Gauza gehiago ere kontatu dizkiot,
baina esan dizut
gezurrek ez dutela askorako balio.
Eta harrapatu nau azkenean.
Badakielako zure usainaz akordatzen naizela oraindik
eta konturatu delako izarak bustitzen ditudala sarri,
malkoei eutsi nahian.

Horregatik agindu diot ez diodala berriz ere gezurrik kontatuko.
Eta are gutxiago jendaurrean aurpegi ona janzteko bada.

Ahultasuna leporatuko didate batzuk beharbada,
zu burutik kentzeko adina indar pilatzea lortu ez dudalako.
Baina zaude ziur botako zaitudala egunen baten
goiko kutxatik.
Hori ere agindu eta zor diodalako neure buruari.