2011-10-30

Gehiena esanda dago eta zein lotsagarria den
errepikan hastea
batez ere, hitzek esan nahi dutena gero
eta gutxiago diotenean.


Joseba Sarrionandia. 

2011-10-28

Aurten negua hotz datorrela entzun dut eguna motz gelditzen zaien kale geroz eta ilunagoetan.
Ez zaigu hori guri inolaz ere axola, ordea. Esan nizun eta Euskal Herrian badakigula elkar nola berotu.
Eta noski berotuko garela. Zu eta ni bai behintzat.
Gainera, negu orok ekartzen omen du udaberri bat berekin, ez ezazu hori inoiz ahaztu.
Eta behin esan nizun bezala, udaberria zuk uste baino gehiago da. Beti.

2011-10-25

hitzak dantzan.

Lagunekin biluzik dantzan egitea.
Ez dut besterik nahi.
Hondartzan dantzan egin nahi dut lagunekin, euriak gure gorputzak zirikatzen dituen bitartean, barnean guztiok ezkutatzen ditugun malko apurrak lehortu arte.
Ziipriztindu gaitzala areak ere, hankek behin eta berriz zeruaren gorentasuna urratzen duten bakoitzean, zoro.
Gorputz bustietara heltzeko egiten duten ahaleginetan, oratu dezatela olatuek gure biluztazuna.

Eta euria egiten duenetan, biluztu eta dantzan hasteko irrikak jantzi dezala gutariko bakoitza, ezkutatu dadin eguzkia beste egun batez.

2011-10-12

umel daitezela hitzak, izarapeko egunetan.

Izarapeko egunak hain ditut gustuko!
Logelak hain dirudi haundia, eta hain dirudi beroa izarapeko egunetan!

 Zeru grisa ikus daiteke izarapetik, leihoak erakusten duen munduaren zatitxoan behintzat.
Asko dira lainoek Bilbo estaltzen duten egunak eta horrek badu bere xarma, izarapetik bada ere. Gaur ere bustiko ditu euriak izen handiko eraikinak akaso, gorentasunaren zigilua duten baldosak umelduz. Beti ere hiriari dagokion xarma berezi horrekin.

Baina, ez dago euri beharrik izarapean bustitzeko.Badakizu eta, ez dela askorik behar edertasunaren zigilua daramaten hankak umeltzeko.
Izarapean hiriko euri goxo hori sentitu daitekeelako, izarapean jarraituko dut izarak umeldu artean, Bilbo zaintzen duten lainoak desegin artean. 

Eta izan dezazula zuk ere izarapeko egun on-ona!

2011-10-08

Idazten dut
munduak jakin dezan idazten haste hutsak oinak aireratu dizkidala sarritan.
Idazten dut
zuk ere jakin dezazun idazteak eragin dizkidala mila negar, mila isiltasun amaigabe, mila min.
Idazten dut
esateko idazteak lehortu dizkidala mila malko, marraztu dizkidala aurpegian mila irribarre, baretu dizkidala mila ezinegon.

Hitzei eskerrak emateko besterik ez dut idazten gaurkoan.

“No hay palabras suficientes para explicar porqué escribir me salva días de autoestima por los suelos y me inyecta dosis de humildad.”

2011-10-02

udazkenean hitzak ere erortzen direlako.

Bere oinak eutsiko dituen lurrik ez dagoelako hasi du nire gorputzak goranzko bidea, pisuaren pisuz.  
Eta ikusi nola hausten den…

Erruz hasiko dira hostoak erortzen laister, 
keinu isilez, ni seduzitzeko asmoz edo.  
Eta Lurrak hala nahi badu, bueltatuko naiz orduan nire gorputza eutsiko duen nonbaitera, 
edo norbaitengana, nork daki.

Jantzi nazala berak udaberrian, berriz ere erruz haziko diren loreekin, 
hauen usainekin leher nadin, 
ferekaz fereka. 
Nik merezi ez badut ere, nire gorputzak baduelako begirada beharrik. 
Sarritan, laztan beharrik ez eta begirada huts batek jartzen dituelako gorputzak dantzan, pisuaren pisuz, 
gorantz.