2011-11-30

droga.

Ondo dakizue zuek zeinen garrantzitsua den askotan nabaritu didazuen hori.
Hitzek nolabait egunero oparitzen didatena zenbateraino den droga, zuek baino ez dakizue.
Sarrionandiaren hitzak Iturriagaren esaldiekin lotzen ditut askotan, jolas soil bat baino ez delakoan. Edo Lertxundirenak Barandiaranen esaldiekin, edo Karmele Jaiorenak berriz ere aurreko beste baten hitzekin. Eta orduan, jolas soiletik sortzen da sua. Maialenek bertso baten deskribatu ezin dezakeena.

Su horrek egiten dit sarritan psikologo lana; buruan ditudan txori eta ipuin zoroak hausteraino edo ni izatea zer den ohartzeraino. Orduan esaten diot nere buruari baietz. Ezaba dezakedala zure musuen zaporea ezpainetatik eta benetan kendu dezakedala zure geografia oroimenaren mapetatik.
Eta psikologoa droga bihurtu dut azkenean.
Horregatik aitortu nahi dizut horri lotuta bizi naizela, eta egunero lortzen dudala suari esker zu ikusezin egitea. Drogaren efektuak iraun artean bada ere. 

Su horren kea arnasteko beharrak erre gaitzala, arnasterik ez dagoen garaiotan. Negua hurbil den garaiotan.

2011-11-26

Kontatu nahi dio zorakeria egiteko prest dagoela eta, zorakeria egitera doanari gertatzen zaion bezala, erreakzio berezia sentitzen duela gorputzean, hankak arinago doazkiola, gorputzak pisurik ez baleuka bezala.
Eta, zorakeria egitera doazenei gertatzen zaien legez, ohartu dela bere gorputzaren proportzio handiena ura dela, ur korronteak nabaritzen dituelako gorputzean gora eta behera, alde batetik bestera. Olatuak bere bihotzaren kontra jotzen sentitzen dituela eta sortzen den bitsa ahotik irten behar zaiola, hitz bihurtuta.
Eta, bat batean, aurrean duen guztiak hartu duela borobiltzeko joera eta ez duela izkinarik ikusten. Borobildu egin dira ertz guztiak. Zorakeria bat egitera doanak bezela, tontor garai batean ikusten du bere burua. Salto egiteko prest.
Eta ez du beldurrik sentitzen, beheko aldean ura dagoelako, eta, azken batean bera ere ura delako.


Karmele Jaio

2011-11-14

atzorako utzitakoek gaur ez dute lekurik, gaueko loaren lekua baino.
bihar ez utzi ezer atzorako, etzi gogoratu ahal izateko.
damuak mamu eta mamuak damu diren biharrean, ez utzi ezer atzorako,
gaur bizi ahal izateko.

2011-11-09

Ez dakit nondik hasi.
Behin hasita, ez dakit jarraitzen ere asmatuko ote dudan.
Horregatik eskatzen dizut tarte bat.
Tarte bat baino ez; nire buruaz gain dagoen hori ulertzen saiatzeko.

Eta agian, orduan jakingo duzu zer den ni bezain ahul sentitzea.

Baina hartzazu gero beste tarte bat.  Aurrekoa baino laburragoa, zuk hala nahi baduzu.
Tarte txiki bat nire burua ulertzen saiatzeko.

Eta agian, orduan jakingo duzu nola lortzen duen nere buruak bere gain jartzen den horri aurre egitea. Nola lortzen dudan egunetik egunera, ahul egiten nauen hori zertxobait ahultzea, nire gorputzak bere osotasunean egin dezan gauero, lo pixka bat.