2012-01-26

2012-01-22

ZAST!

Dena ez da re. Dena ez da fa, dena ez da sol, dena ez da mi... baina zer ginateke musikarik gabe! Dantzari trebeak ez gara baina zinez diot, gogorik ez zaigula falta doinu gozoz zein alaiez txoko oro zipriztintzeko. Doinu bakoitza hari bat balitz bezala, hitzak zastada gisa erabiliz zentzu bat eman nahi diogu eguzkiaren bueltan biraka ibiltze honi.

Gogoan dut nola lotaratzen genituen haurrak re, sol, mi eta fa doinuz lagundutako ipuinekin, uztaileko gau beroetan. Buruan re besterik ez genuen egunetan.  
Kaleak eta eskuak hotz dauden garaiotan ere, hitzez josi nahi dugu berotasuna, re eta sol epelen azpian. Eskuak ez ezik begiradak ere berotu daitezen.

"Gogoa genuen, eta birekin hasitakoan, bost gara orain. Gogoak elkartu gaitu, nahiz ez jakin zehatz zein den gogo hori nork berea baitu gogoa. Badakigu, ordea, gogo horrek betetzen gaituela eta zenbateraino betetzen gaituen. Gogo horrek pozten gaitu, momentuz, eta bada aski, asko denez. Gogotsu gaude sortzeko eta plazaratzeko, eta gure gogoak eta ilusioak gidatuko eta gogoberrituko gaitu. Gogorik baduzu, gogoan izan eta gogoak elkartuko gaitu."

ZAST!  

2012-01-18

Ez dagoela denborarik galtzeko, ikasteko ordua dela....
Beste une batean, nahiko nuke eskusa bat, ikasi behar ez izateko. Orain eskusarik ez eta hemen nabil, orri luzeak albo batean eta musika piztuta, nola ez. Bihar behar baino lehenago esnatuko naiz eta gauari probetxua atera nahi diot, nazkatu naizelako denboraren jarraitutasun lege eta gardentasunaren teoria hutsalez. OBJEKTIBOTASUNA EZ DA EXISTITZEN. Hori behintzat argi gelditu zait. Eta orain, ni naiz narratzailea, orojakilea ez, baina bai homodiegetikoa! ttak.
Kontakizuna eta istorioa ez direla gauza bera ere badakit, baina ni, nire kontakizuna istorio egiten saiatzen naiz edo istorioa kontakizun....Kolakau bero bat hartzen nabilela konturatu naiz nola azteketa garaietan bihurtzen naizen...nola esan, ohi baino internet-zaleago. Ze, abenduan eta urtarrilean ziur izan naizela "Literaturaren zubitegia" eta "Euskal Poesiaren ataria" inork baino gehiagotan bisitatu dituena (egunean 123894316 aldiz), Berriako iritzi artikuluak hamaika aldiz errepasatu dituena, Argiako Beranduegi ikusten mila algara egin dituena, "uberan"-eko azala egunero bilatu duena argazki edo poema berri baten zain, "Grey's anatomy"-ren kapitulu berrien bila sarea zeharkatu duena egunean behin gutxienez.... Baina, beti lasai, jarraitutasun espaziala hautsi gabe, nahiz eta denboratasuna hautsi izan dudan behin edo behin flashback edo etorriko ez diren flashforward batzuk tartekatuz. Neuronei atsedenaldiak eskaintzeko, más que nada.
Hala ere, poliki poliki neurona maiteak gutxituz doazela ematen du baina ni oraindik ez noa lotara. Tinko. Sobietar Iraultzan Kuleshov banintz bezala, jarraitutasunik gabeko efektuak aldarrikatuz. Ze ni ez naiz pasibista, ez naiz Kant zalea. Kafearen efektuak iraun bitartean behintzat aktibista izango naiz, filosofo enpiristen defendatzaile.

Baina ez dago denborarik galtzeko, ikasteko ordua da..... Bihar behar baino lehenago esnatuko naiz, eta gaurkoa flashback bat baino ez da izango.

2012-01-14

Frankismoaren erdian, 1959an, abertzaletasun tradizionala lokartuta zegoen unean, mugimendu ausart hura sortzeko kemena eduki zuten Txillardegi, Madariaga, Del Valle eta abarri Kursaalean edo Euskaldunan merezi bezalako omenaldi handia egiteko, zainetan odolik ez ote daukagun galdetu zuen Martxelo Otamendik iazko urrian. Del Valle 2011ko Maiatzean hil zen eta, gaur goizean hil da Txillardegi; euskara batuaren akuilu, EHEren sortzaile, idazle, politikari, euskaltzale nekaezin…
Odola ez dakit, baina, aukerak dira joan zaizkigunak.

"Hizkuntza bat ezin da salbatu bihotza ez badago tartean"

 
 2007an Larrun-en esanak.

"Euskal Herria alargun, eta gu umezurtz, Jose Luis, zu gabe. 
Ez, ordea, su gabe, hauspo baitzaitugu, izan eta izanen. 
Zuri esker hizkuntza ez baitugu indar huts,
sugar lerden baizik, izar ezin iraungi, indar ororen gordailu
Agur eta ohore Txillardegi, Euskara Herriaren gudari"

2012-01-13

gogo falta.


"Aukera infinituen tresneria da hizkuntza. Hiztunak, kaletar anonimoak zein akademikoak, mingainean dauka mekanismo ezin biziagoa: hitzari hitza josi, ikusitakoa deskribatu, sentitutakoa espresatu eta besteekin partekatu. Ez da zaila. Gogoa behar, ordea
Koska baita hizkuntzak hiztunaren inplikazioa eskatzen duela. Konpromiso pertsonala. 

Ez, hitzek ez dute hiztunon gogo faltaren kulpa."
A. Lertxundi

2012-01-10

Memoria txarrekoa zara baina jakin badakizu oroitzen duzun apurra ez dela behin behineko gezur ederra besterik.
Edo nahiko zenuke hala ez izatea behintzat.
Oroitzen zara nola behin, abenduko egun batean udaberria gailendu zitzaion neguari.
Nik horrelako irudi lausoei heusten diet gogor egunero. Tinko.
Gezurrik ez dagoelako nork bere egiak sinisten dituen bitartean.
Eta zuk ere saiatu beharko zenuke.
Batzuetan bada ere.
Gezur ederren atzean ezkutatzea ez dagoelako sobera,
guretzako bakarrik gorde nahi genukeena pixka bat apaintzeko.
Abenduko udaberriak exageratzeko,
apain apain jartzeko.
Ze, ni ere oso memoria txarrekoa naiz,
baina, badakit gogoratzen dudan apurra nola apaindu.
Gezur ederrak besterik ez direnak gezurrez nola apaindu. 
Eta zuk ere hala beharko zenuke.
Zuek ere bai.

2012-01-08

"Letrak letraren atzean jarrita
hitzek pisua hartzen dute,
baina, kontuz ibili behar da paperean geratzen direnekin,
gotortu egiten baitira ezin aldatzeraino.
Biluzik geratzearen beldurrak jan izan nau.
Atzera egin dut. Idazketa utzi. Berriz hartu..." 

Jon Benito.

2012-01-06

Gaurko prentsak dakarrenari begira nabil, eguneroko errutinari uko egin gabe.
Berri gehienak biharkoa dute hizpide, nola ez. Haundia izango da eta. Kolosala.

"Otegik kalean behar duela atzotik, eta preso politikoek irtenbide duina gaurtik, denak pixkanaka kalean izan daitezen, bihar baino gaur hobe. Horrekin batean salbuespeneko legeria guztia eraistea, eta tortura erauztea", eskatu dio Pako Sudupek bestelako Olentzero bati.
Bihar arratsaldean elkartuko garen guztion isiltasunaren indarra izango dute mintzagai etziko berripaper guztiek.
Kolosala izan zela esango dute, nola ez. Haundia. Ez sinesteko modukoa.
Isiltasuna heldu zela ziega guztietara, berotasun olatua izan zela kanpoan daudenentzat, milaka begiradek adierazitako elkartasunak milaka hotzikara eragin zituela. Haundia izan zela. Ez sinesteko modukoa.

Berotasun olatuak erre egin zituela arrotz zaizkigunak, isiltasunak gor bihurtu zituela, milaka begiraden sareak egin zituela txiki. Ikusezin bihurtzeraino.

2012-01-05

uholdeka.

Nekatuta nago,
nekatu naiz betikotasunaz.
Nekatuta nagoenean
motzago egiten zaizkit egunak,
gauak luzeago bihurtzeko.

Gainera,
zapaltzen ari naizen lurra hauskorra da.
Eta erortzeko beldurrez esnatu naiz gaur.
Beldur naizenean biluzik sentitzen naizela,
hutsik, hauskor.
Oinen azpian dagoen lur hori bezain hauskor.

Betazalak itxi egiten zaizkidala,
azalaz barne dagoena baino ikus ez dezaten begiek.
Erotzen diren arte.
Baina eromenari heltzen badiot ez da ero nagoelako,
premia dudalako baizik.

Nekatuta nagoenean mundua korapilatzen zait eztarrian, uholdeka. 
Beldur naizenean mundua korapilatzen zait eztarrian, uholdeka.
Erotzen naizenean mundua korapilatzen zait eztarrian, uholdeka.


Baina eskerrak ez zaidan oihu egiten ahaztu. 
Oihu ere uholdeka egiten dudala oraindik. Eta eskerrak. 

2012-01-03

Joseba Sarrionandia: "Niretzat idaztea pentsatzeko modu bat da, pentsamendua eta oroimena antolatzeko era. Baita irudimen kontrafaktualeko ariketa bat ere. Oraindik hilik ez egotea da, eta, nolabait, bizi garen espaziontzian parte hartzea. Ospea ez zait interesatzen. Pas de nouvelle bonne nouvelle esaten da, ezta? Egunkarian agertzea berri txarra litzateke seguruenik. Euskal autore baten irakurleak milaka gutxi batzuk dira, baina nahikoa direla deritzot. Ezin da hainbeste jende ezagutu ere egin. Ez dut uste 100.000 irakurle izatea berez 1.000 izatea baino hobea denik, hilean 10.000 dolarrekin 1.000rekin baino askoz hobe bizi ez dela pentsatzen dudan modu berean. Dirurik gabeko maitale zoriontsuak ikusiak ditut. Ikusi ditut lau telebista baino interesgarriagoak diren ipuin kontalariak eta inork grabatzen ez dituen abeslariak.

Gustatzen zaidana idazten dut, apalki, bidezkoa iruditzen zaidana. Inork ez dit elefante zuririk oparitu eta pribilegiatua sentitzen naiz."

2012-01-02

Nik ez daukat heroi bokaziorik
baina deabruaren egoitza burua da
eta horren aurka borrokatzen naiz egunero
nik ez baitut Maitasuna ezagutzen
gazteegia naiz horretarako
pelikula gehiegi ikusitakoa,

Ni ez naiz erromantiko tragikoa
heroiak ez dira esistitzen honezkero
eta Maitasuna ez omen da hain gauza epikoa
eta euria ari du kalean eta hori ez da aldatuko
nahiz eta nik Maitasuna ezagutu
edota heriotza.

Nik ez daukat hitz handien beharrik
goizero gosaria prestatzeko
letra larriek ez didate kafea berotuko
ez dute berogailua ordainduko
eta goizegi da eta hotzegi.

Nik ez dut Maitasuna ezagutzen
gazteegia naiz horretarako
pelikula gehiegi ikusitakoa.

© Jon Gerediaga 

2012-01-01

Urtea joan dela ihesi baina ni hemen nagoela. Izarapean berriz ere.
Izan dezadan gaurtik eguzkiaren epela gozatzeko aukera, nik zu gabe.
Eta opa dizut euria, busti zaitzan ni ez naizen auskalo nork.
Umela izan dela joan zaigun urtea, irristakor izateraino.


Eta ederragorik zer, datorrena izerditan blai hastea baino.