2012-05-20


Eta euria ari du. Gaur ere bai.
Igandea eta euria. Euria eta igandea.
Bilbo, euria, igandea. 
Euriak jan du Bilbo igandean. Irentsi.
Irentsi ditu hiria eta eguna bera ere.
Badirudi zorretan dagoela zerua errekarekin.
Baina haserre erantzuten dio errekak. Olatutxoetan tantak irudizko pasioz irentsi eta irentsi.
Gelditzeko asmorik gabe biak.
Eta ni hemen, euriari begira. 
Erreka eta zeruaren arteko harreman perfektuari so.
Ze, pentsa erreka itsaso bihurtuko dela bihar edo etzi. 
Eta helduko da puntu bat, non zeruak eta itsaso bihurtutako errekak bat egingo duten.
Euria ari du. 
Bota dezala zeruak euria inoiz baino gogorrago. Isuri dezala euria eder. 
Hartu dezala errekak zeruak gogor bidalitako ura.
Eta bihar edo etzi, egin dezatela bat itasoaren mugan. 
Ikusi nola den euria harreman perfektuaren giltza. 
Euririk gabe ez ginatekelako bustiko ez zu, ez ni, ezta erreka ere. 
Igande grisetan, hiri grisetan, zeruak erreka pasioz bustitzen duenetan, euriak hezetzen eta lausotzen dituelako irudimenaren mugak. 

Eta euria ari du. Gaur ere bai.
 

2012-05-19

Zuk ere ez duzu ulertzen zergatik sartzen diren tximeletak sabelean,
guk sartzeko baimenik eman ez diegunean.
Askotan alde egiteko eskatuta ere, bertan jarraitzen dute dantzan.
Dantzan?
Dantzan edo. Zorabioka.
Zorabioka, munduak irrist egiten dizun arte.
Eta gaur ere, irrist egin dizu munduak, zorabioka, hortzaka.
Baina eskerrak, eskerrak batzuetan tximeletak sartzen diren sabelean,
guk baimenik eman gabe.
Eskerrak tximeletak sartzen diren, zorabioka ibiltzeari utzi eta
dantzan hasteko.
Dantzan?
Gaur ez dizu munduak irrist egin.
Gaur zuk bizi duzu mundua eta ez munduak zu.
Tximeletek, tarteka, hegan egiten dutelako zu, gu dantzan jartzeko...

2012-05-03

Lurra kendu dizu oinen azpitik. 
Ez dakizu nork. Ez dakizu zerk. 
Hitzik gabe, zain zaude. 
Lurraren zain. 
Mesedez, bueltatu dadila lurra zu eustera, senti dezatela oin puntek berriz ere eusten zintuen lur hori, senti ditzala lurrak zure oinak bere erraietan. 
Zain eta hitzik gabe jarraitzen duzu. 
Barrenak nahastuta, dantzan. Dantzan?
Eta bihotza eztarrian, ia ahoan, 
min emateraino. 
Lurrik gabe, hitzik gabe, bihotzik gabe, 
dantzan. Dantzan?
Dantzan, norekin?
Hori omen da maitemintzea. 
Hortzak garbitzea, bazkaldu aurretik. 
Lurrik gabe, oinak dantzan dauzkazula, hortzak garbitzea bazkaldu aurretik. 
Minez, ia bihotzik gabe, hortzak garbitzea bazkaldu aurretik. 
Hori omen da maitemintzea. 
Baina, maitemindu...norekin?zerekin?
Maitemindu, zertarako?
Zertarako maitemindu, udaberri faltsuen krudeltasun eta hauskortasunarekin min hartzeko ez bada. 
Min. Eta min....baina beti dantzan.
Dantzan?

2012-05-01

Hainbeste gauza konparti daitezke lagun batekin: bizio bat, ahultasun bat, sekretu bat. 
  Baina, posible da, eta posible baino askoz gehiago, oso gertagarri, behiala lagun izandakoak ezagun bihurtzea, haien jarrerak eta esamoldeak arrotz sentitzen hastea egun batean, haien izateko modua edo haiek ikusteko gure modua aldatzea, garai bateko haien umore ateraldiak ulertzeari uztea, jada ez bereiztea noiz den txantxa bat min intimo baten estalki. Bai, gertatzen da. Lagunak ezagun bihurtzen dira, eta denbora aski emanez gero, ezagunak ezezagun bihurtzen dira, euren fedea eta euren denbora zeure eskuetan izateari uzten diozu. Onartu beharrean zaude orduan egia mingarria: beharbada ez zarete inoiz horren lagunak ere izan. Garagardoak eta musika talde zenbaitek mantentzen zintuzteten estekatuta, «hilotzaren hondarra karraxika».
  Lagun berriak sor daitezke tarteka, zeure ogibidearekin lotutako lagunak eskuarki, kezka eta interes berrien araberakoak gehienetan, familiatik eratorriak beste askotan, baina desagertua da garai bateko odol-itunen sentipen betierekoa, norbere eskuekin eta adiskidearen buztinezko gorputzari puska kenduta eraikitako eskultura bat bezalakoa zen leialtasunaren promesa, elkarrekin egindako barre sano eta lehiarik gabea. Eta ezin duzu inor errudun jo: zu zeu zara errudun bakarra.
    Zergatik ez onartu nerabeen arteko maitasun harreman despistatuen gisakoa dela adiskidetasuna ere: sekula ahituko ez dela dirudien indar metaketa, sekula hautsiko ez dela dirudien lotura magnetikoa, izatez eta egiaz erabat zirkunstantziala eta amaikorra. 


        Twist, Harkaitz Cano