2012-06-25

Eta pasioa jantzi du.
"Aurretik zekiena atzean utzi beharra dauka ezer berririk lortu nahi baldin badu. Arriskatu beharra dauka. Hautsi. Eten. Aurrez ikasitakoaren eskutik askatu, umea amaren eskutik askatzen den bezala oinez ikasiko badu. Umeak beldurra sentitzen du, eroriko dela uste du, mina hartzeko arriskuan dago, baina hara non amaren eskua utzi eta pauso bat eman duen, gero beste bat. Kontu segurua da eroriko dela. Baina jaikiko da, berriro beste pauso bat emateko."

Anjel Lertxundi

2012-06-17

Bazoazela eta azkenean hori dela bizitza. Joatea eta joatea. 
Absurdoenetik, kaka nahaste handienetik ere ikasi dugu zuk eta nik zerbait ona ateratzen. 
Txiki txikia bada ere. Mozkorraldi zoro bat behintzat. 
Irristatu gara behin baino gehiagotan eta pozten naiz. 
Gaur horregatik garelako indartsuak, gogorrak, nekaezinak. 
Zu eta ni gogor egin gaituzte urteek eta pozten naiz. 
Hauskorrak gara batzuetan hala ere, eta pozten naiz. 
Erortzetik altxatzean omen dagoelako erronka. 
Zuk ere ondo dakizu hori. Erori eta altxa. Behin, bi aldiz, eta hiru aldiz ere bai. 
Askotan erori gara eta pozten naiz.
Lurrak irentsi gaituen guztietan lortu dugu altxatzea. Eta pozten naiz.

Gaur atzo baino zaharragoa zara eta pozten naiz. 
Gazteak gara eta pozten naiz. 
Hamaika aldiz eroriko gara oraindik eta pozten naiz. 
Begiak ireki gabe ulertuko dugu mundua noizbait eta pozten naiz.


2012-06-02

Ze hotz gaur itsasoa. 
Konturatu zara ezta?
Hondoratzeko itsasoratzen gaituzte.
Ze hotz.