2012-11-13



Nire ulermenaren gainetik daude kosmogoniak, galaxiak, unibertsoa, txikikeria horiek, eta normalean ez naiz jartzen urruneko planetetan pentsatzen, baina igande goiz desolatua nuen, gertatu ohi da, goiz esnatzen zara, loak abandonatu egin zaitu, jaiki egiten zara, ez duzu gogorik kalera ateratzeko, eguraldiak ez du laguntzen, asperdura itzel batek harrapatzen zaitu, telebistan ez dago ezer, leihotik begira jartzen zara, pertsianarik gehienak behean dira oraindik, ez dabil inor kalean, ez dakizu zer egin, zerekin entretenitu, eta zure denborarekin zer egin duzun hasten zara pentsatzen, zer egin duzun orain arteko mundualdian, eta argitasun berezi batekin ikusten dituzu zure bizitza osoko porrotak, lauhazka datoz, haize hotza dira gogoratzen ez dituzun pozak, ur izoztua iragana.


Ur izoztua iragana, eta egunkariak irakurtzera jarri zara sarean, zerbait egite aldera. Saltoka zabiltza batetik bestera. Normalean ez zara jartzen urruneko planetetan pentsatzen, baina arreta harrapatu dizu berriak: gurea ez den galaxia batean, azalean ur likidoa izan dezakeen planeta bat omen dago, gugandik 44 bat argi-urtera. Harrigarriena: bizitzeko modukoa izan omen liteke. Izena dauka xelebrea: Lurra.



Xabier Gantzarain