2012-11-13



Nire ulermenaren gainetik daude kosmogoniak, galaxiak, unibertsoa, txikikeria horiek, eta normalean ez naiz jartzen urruneko planetetan pentsatzen, baina igande goiz desolatua nuen, gertatu ohi da, goiz esnatzen zara, loak abandonatu egin zaitu, jaiki egiten zara, ez duzu gogorik kalera ateratzeko, eguraldiak ez du laguntzen, asperdura itzel batek harrapatzen zaitu, telebistan ez dago ezer, leihotik begira jartzen zara, pertsianarik gehienak behean dira oraindik, ez dabil inor kalean, ez dakizu zer egin, zerekin entretenitu, eta zure denborarekin zer egin duzun hasten zara pentsatzen, zer egin duzun orain arteko mundualdian, eta argitasun berezi batekin ikusten dituzu zure bizitza osoko porrotak, lauhazka datoz, haize hotza dira gogoratzen ez dituzun pozak, ur izoztua iragana.


Ur izoztua iragana, eta egunkariak irakurtzera jarri zara sarean, zerbait egite aldera. Saltoka zabiltza batetik bestera. Normalean ez zara jartzen urruneko planetetan pentsatzen, baina arreta harrapatu dizu berriak: gurea ez den galaxia batean, azalean ur likidoa izan dezakeen planeta bat omen dago, gugandik 44 bat argi-urtera. Harrigarriena: bizitzeko modukoa izan omen liteke. Izena dauka xelebrea: Lurra.



Xabier Gantzarain

2012-10-24

Maitasuna zer den jakin nahi duzu? Nik esango dizut zer den: estraineko presioa bularrean, eztarria ihartuta eta bihotza taupaka sentitzea; begirada galdua puntu batean tinkotzea; norberaren bizitza hiru lerroko poema batek islatzen duela ikustea; barne-mina, hainbesterainoko mina izan zitekeenik ere sumatuko ez zenuela. Maitasuna malenkonia da, tristezia eta algara batera, pasioa, ziurtasun-eza, sugarra, karentzia eta soberakina; inoiz baino niago izan eta aldi berean norberaren buruarekiko arrotz sentitzea...

Oreka zer den ez daki. Minaren eta pozaren arteko nahasketa bitxia da, eta nahasketa hori emankorra eta sortzailea izan daiteke batzuetan, eta suntsitzailea ere bai beste une askotan. Bizi izan duenak badaki, baina ezagutu ez duenari nola azaldu? Maitasuna zer ez den esan ahal dizut: lasaitasuna, oreka, logika, konformatzea. 

Sisifo maite minez. Laura Mintegi

2012-10-21

Esnatu zara, igandea, euria, hotza, eguzkiak ez du irteteko gogorik, goxo zaude ohean, ametsetan jarraitu nahiko zenuke, itxi dituzu begiak gogor, saiatu zara are gogorrago... baina loak ez zaitu berriro hartuko. Gogoratu duzu hauteskunde eguna dela eta zure bozka ematera besterik ez bada ere, etxeko berotasunetik atera beharko duzula... hotzera, eurira, kaxa eta mahai isilen aurrera...
Baina amaitzear da eguna eta piztu zaizu bapatean ilusio bat, tximeletatxoak hasi zaizkizu dantzan. ETB hauteskunde datuez blai dabil, Urkullu zoratzear, negarrari ezin eutsita gizona. Hala ere, diskurtsoa irakurri behar izan du, gaixoak. Hunkituta dagoenean ere ez zaizkio ateratzen hitzak berez..
Laura Mintegi pozarren, moztu dizkiote bapatean hitzak Basagoitiren hitz solteekin. Ezin zapuztu ezer egokiago. Ezin azken honen diskurtsoa entzun baina gutxi gora beherako zerbait eraiki duzu buruan, sekula aldatzen ez diren pare bat hitzekin osatu daiteke, ti-ta batean. Patxi Lopez entzun ere ez duzu egin, zertarako. Ze lotsa bera banintz...
Telebista itzali eta zerbait aldatzear dagoela sentitu duzu. Edo sentitu nahi duzu. Etorkizuna hitz zaila da, konplexua. Ze, egunetik egunera sortzen da etorkizuna ,ez?. Pauso txikiz eta poliki, irrist egin nahi ez baduzu. Ametsez eta sudurgorriz betetako bideetan badagoelako sastrakarik, alaitasunean badagoelako tristurarik. Ametsetan badagoelako inoiz ez esnatzeko desirarik. 

Hauteskunde gaua, ohera zoaz irribarrea ahoan, ilusioa barrenean. Alaitasun ezohiko batekin jarri zara amesten, nahi gabe... Bidearen gogorrenean ere amesten jarraituko dugulako, pausoak biderik estuenean luzatuko ditugulako.

Amesten ari zaren horretan, eraman gaitzala elkarlanak, eraman gaitzala izerdiak eta eraman gaitzala ilusioak.

Gora Euskal Herri askea, Gora Euskal Herri alaia...

2012-07-24

Eta bakoitzean hasieratik hasi beharra iruditzen zaizu harrigarriena, beti hutsetik abiatzeko sentsazio hori, egunero berdin egunero berri, eta zikloak lasaigarriak direla pentsatzen duzu, bete egiten direlako, turistak gehien maite duena etxera itzultzea dela, eta haren azken pentsamendua, aireportuan nazkatuta dagoela edo autoan nekatuta doala, beti antzekoa: nahiago nuke etxean banengo. Eta berriro hasieratik hasi beharra iruditzen zaio normalena, erosketak egin, hozkailua bete, indarrarekin ekin udararen amaierari.

Baina aurretik, oporrak hartu eta edozertarako astia izango duzula sinisteko adina zoriontsu eta inozo zaren une horietan, hasieratik hasi beharra iruditzen zaizu ederrena, maletak egin, hegazkina hartu, trasteak utzi, ingurua ezagutu, eta are ederragoa, berriz, joan aurretiko une hori berori, planak egin, buruari hegan egiten utzi, etortzeko dagoen zoriona dastatu.

Eta bakoitzean hasieratik hasi beharra bera baino harrigarriagoa egiten zaizu azkenean beti tranpa berean erortzea, eta ez jakitea oraindik gero opor egunak beste guztien antzekoak izaten direla, gosea sartuko zaizula, eta egarria, eta larria, logura, eta tripako minak ez dizula utziko lasai ibiltzen.

Xabier Gantzarain