2011-12-30

Berezkoa dugula hurbiltasuna diote. Berezkoa dugula hitzez adierazteko beharra.
Berezkoa dugula inguruan ditugunak hitzez janzteko premia. Biluzik gelditzeraino.
Berezkoa dugula biluzteko sena.

Lagunartean biluzten garela sarri, hitzak dantzan jartzen ditugula, oinak aireratzeraino.
Berezkoa dugula oinak aireratzea, hitzak biluzteko. Filosofo handien gisara hitz egiteraino.
Berezkoa dugula filosofo handien gisara jardutea, lagunen korapiloak askatzeko.
Berezkoa dugula korapiloak askatzeko beharra. Estu, arnasa eteteraino.

Berezkoa dugula mundua konpontzeko irmotasuna, nahigabeko mozkorraldietan.
Edo berezkoa dugula gure mundutxoak konpontzeko ezintasuna, eztakit. Batak maitemintzea nahi duela, besteak ez duela maiteminduta egoterik nahi, bestearentzat nagusiegia dela agian baina ez duela joaten uzterik nahi....
Berezkoa dugula korapiloak askatzeko grina. Estu, arnasa eteteraino.


Pd: Gaur gertatu ez direnak gertaraziko ditugula bihar. Eta bihar ez dela etzi. Bihar bihar dela. Bihar gaur dela. Estu, arnasa eteteraino.

2011-12-27

Sarrionandiak dio haurtzaroa dela pertsonaren aberria, fantasia sortzeko aparatuak funtzionatzen duen artean behintzat. Haurrak, aparatu horren gailuak topatuta, mila eta bat istorio kontatzeko ahalmena eta libertatea irabazten duela. Kontatzeko eta sinesteko. Sinesteko eta egia bailiran horiek bizitzeko. Baina, egia esango dizut, aspaldian ideia batek jaten dizkidala barrenak; ikaragarria dela nola errepikatzen den, berez bezala, dena. Haurtzaroa nahigabe itzultzen dela gugana batzuetan, berez bezela. Aparatuak fantasiak sortzen uzteari uko egingo balio bezela, tarte batez. Tarte motz batez bada ere.

Horregatik esaten da guztiok daukagula barruan ume bat. Ume egiten gaituen gailuak martxan hasten direnean ume sentitzen garela berriz ere, tarte batez. Gure baitarako kontatzen ditugunak sinesteraino.


Hotzikara bat hanketatik leporaino eta zu zara berriz ere. Gaurko zu. Gailuak itzali zaizkizu, zentzugabe bihurtu zara.
Berunez jantzi zarela ematen du, gorantz erortzeko ahaleginetan, astun.
Eta egia esango dizut, aspaldian ideia batek jaten dizkidala barrenak; ikaragarria dela nola errepikatzen den, berez bezala, dena.

2011-12-25

Ibili, erori eta altxatzearen oinarrizko legea.

Altxa eta hasi berriro ere ibiltzen, ez zaitzan inoiz erre zintuen su horrek berriro ere bidea ilundu

ibili, erori, altxa.
jaio, ibili, erori.
erori, altxa, ibili.
ibili, erori, altxa.
altxa eta ibili.

2011-12-22

Anjel Lertxundi: "Arte bat da hitzez adierazi ezin direnak batek esantzat ematea, besteak ulertutzat hartzea. Arte bat. Arte bat, bere arrisku eta atakekin, baina baita bere xarma eta misterioarekin ere."

Arte bat. Eta gu artistak, hitz egiteko sena mututzeagatik... 


2011-12-19

tarteka.

Ohituta dagoela ohera bakarrik joaten, eta bakarrik jaikitzen, eta tarteka zenbait gauzaren falta igarri arren, ez dela hain gaizki bizi. Bera badela nor osoa eta bakarra. Baina esaten dute mundua maitasunak mugitzen duela eta euskaldunoi asko kostatzen zaigula hartaz hitz egitea, nahiz eta soberan dugun maitasuna jendearentzat eta herriarentzat.  Eta jende asko behar dela egunero herri hau martxan jartzeko, baina ni banaizela nor osoa eta bakarra nire mundu propioa egunero pizteko. Eta gauero, noski, nik hala nahi badut. Banaizela nor osoa eta bakarra, osoa eta bakarra, osoa eta bakarra, eta asko kostatzen zaigula nahiz eta soberan dugun maitasuna, eta ez dela gaizki bizi, ohituta dagoela, banaizela nor osoa eta bakarra…

2011-12-13

Ez da gai izan zure begiradari eusteko. Luze gabe joan zaizu soa lurrera zuri ere. 

Eta esango duzu ez dakizula zergatik egiten duzuen  hori, berak ere ezjakinarena egiten duen bitartean. Aspaldiko gauzen bila moduan, txikiak zineteneko inozokeriaren (bere zentzu onenean) baitan bezela.

Esaldi gutxitan barrua hustea besterik ez da gelditzen horrelakoetan ze badakizu; batzuetan ematen du hitz askok eztarrian gelditu nahi izaten dutela, goxo. Ahots kordek hitzak bahituko balituzte legez, irten ezinik gelditu zaizkio berari ere. Eta indarrez nekez askatuko dira, sabeleko zuloan iltzatuta gelditzeraino. 
Hitz txikiak badira ere.  
Eta hamaikagarrenez, irteteko zorian zeudenak korapilatu zaizkizu azkenean.

Ikusirik bere kabutako hausnarrak iluntzen ari zaizkiola, lurretik berriz ere gora eragin die begiei, irribarrea iruditu zaizun zantzu baten atzean. 
Pareko begirada aurkitzeko beldurrez. Beldurra edo. Auskalo. 

Bat egin eta orain bai, mundua gelditu dela iruditu zaizu. Une batez bada ere.
zerua ilun, zorua orbel eta gu hain eder.  

Pd: Baina munduak ordura arte baino askeago egin du aurrera. Eta horren beldur zinen.