2012-02-22

"Aspaldiko kontua da. Asko jota, harremanak ondo ateratzen direnean edo pasioak denboran irauten duenean, amodioa berrasmatu egingo dut izara artean lantzean behin, baina gainontzean oso sinplea naiz. Nahiko konplikatua da berez aurrean biluzik duguna ulertzea, mugimenduak sinkronizatzea, gustatzen zaiguna zer den esplikatzea, bera gu bezain gustura sentiaraztea eta gaurkoa amaitu eta gero biok zer nahi dugun definitzea, gainetik amodioa ere egin behar izateko. Barkatuko didazue, baina larrua jotzea askoz errazagoa da".

Eta horrela, egunetik egunera hartzen dute hitzek pisua, nahi gabe.
Larrua jotzea, besterik gabe, beste ezer baino askoz errazagoa dela badakigulako zuk eta nik. 

2012-02-19

"Eta pertsonok, geuregandik ateratzen ditugunez munduan egin ditugun obra eder guztiak, geure buruari ere eraikitzen dizkiogu harresiak. Badago horma handiaren atzean ezkutatuta bizi den jendea, eta haren begiek ez dakit nolako mezu misteriotsuren bat dutelakoan, urteak ematen ditugu horma apurtu nahian. Pentsatzen dugu horma horren hoztasunak bihotz on bat babesten duela, eta bilatu egin nahi izaten dugu. Baina nik bihotza azalean daukat, eta inorenaren bila hormak botatzen hasten naizenean, neurea apurtzen dut. Harresien atzean ezkutatu nahi duenak horretarako eskubide osoa du, baina neuk ere ikasi dut kanpotik begira gelditzen; sartu gabe. Harresiek beti ez baitituzte gauza ederrak gordetzen"

Onintza Enbeitia

2012-02-07

Arnas eske.

Badirudi ezkutuko inertziaren batek garamatzala tabernara ia egunero, arnas eske.
Asteburuan, are sutsuago. 
Ematen du inertzia horrek behartzen gaituela garagardo batzuk edatera, aste osoko zama gainetik kentzeko.
Edan, arnas eske.
Inertzia ahulago batek animatzen gaitu garagardo alaien ostean, zerbait fuerteagoa edatera.
Edan, arnas eske.
Eta orduan inertziak abandonatzen gaitu. Haren beharrik ez eta halaxe ikusten zaizkit niri ere irrikak eta negarrak, halaxe eramaten ditut nik ere sekretu guztiak agerian.
Zure arnasa nire egitea nahi izateraino.

Biharamunean, ezin sakonago ezkutatu den inertziaren aurka aritzen gara.
Arnas eske oraindik ere.
Igandetako liburuen irakurketak ezinezkoak egiten zaizkit. Izan ere, etengabe altxatzen ditut begiak paperetik denborari begira gelditzeko.
Denborari negar malkotan arnasa eskatzeko.

Eskerrak horrelakoetan beti dagoen norbait esango dizuna; egin negar lasai eta hartu arnasa.
Eskerrak behin baino gehiagotan ezin bustiago utzi dudan sorbalda hor egoten den arnas eskeko igandetan.

Aurrerantzean zuek ere lasai asko egin ezazue negar.
Intzirika ahal bada eta, presarik gabe.
Hustu arte. Arnasa hartu arte.

2012-02-02

Aspaldian ez dut zer idatzirik izan. Zer bai agian, baina ez dut jakin nola.
Hitzik gabe utzi nau hotzak antza.
Itsasoak zeruari euria nola, hitzen musika lapurtu dit norbaitek.
Ahoz idazten hasia naiz, eskuz hitz egitea lortzen ez dudan arren.