2011-07-20

hitzik ez, irri bat, muxu bat.

gaur, gaur muxu bat emango dizut, beti ere bueltan irri bat jasotzeko.

ze, ez dakit kontatu dizuten baina, zure irri hori da lur bustiak estaltzen dituen behelainoa astindu dezakeen bakarra.

eta bihar, bihar etengabe muxukatuko zaitut....goitik behera, zure azalak nire ezpainak erre artean. Beti ere bueltan muxu bat jasotzeko.

ze, ez al duzu oraindik jakin zure muxuak direla eguzkiari eragiten diotenak!

2011-07-13

copyright.

hitzak hamaika zentzu dituelako, guk horiek ulertzeko dugun gaitasun urrirako.

hotza bihur dadin bero, zu bihurtzeko ni edo ni zu edo ni su edo su zu edo gu su....

2011-07-03

hitzen zergatiaren bila gabiltzalako.


Askotan jarri zara zu ere horretan. 
Askotan jarri zara pentsatzen zein ote den gu gaur eta hemen egotearen arrazoia. 
Jarri zara pentsatzen zergatik bizi ote garen eta zergatik hiltzen garen. 
Zergatik maitatzen dugun, gero elkar gorrotatzeko. 
Zergatik desiratzen ditugun horrenbeste gorputzak.  
Zergatik erortzen diren malkoak begietatik.   
Zergatik sentitzen ditugun tximeletak sabelean dantzan, guk sartzeko baimenik eman ez diegunean. 
Zergatik ezin ditugun pertsonak, begiradak, hitzak, momentuak… oroimenetik bota, indarrez saiatu arren. 
Zergatik isiltzen garen, barrua oihuka dugunean. 
Zergatik egiten duen buruak bide batetik eta bihotzak bestetik, gu garenean bien jabe. 
Zergatik lotsatzen garen. 
Zergatik lotzen gaituzten horren gogor irudimenean baino bizi ez diren sokek. 
Zergatik dugun bizirauteko premia.
Zergatik. 


Horregatik idazten dizut zuri gaurkoan. 
Esateko ezetz, ezingo diezula inoiz horiei erantzunik aurkitu.   
Bizitzari zentzua bilatzea delako, zentzugabekeriarik handiena.