2012-02-07

Arnas eske.

Badirudi ezkutuko inertziaren batek garamatzala tabernara ia egunero, arnas eske.
Asteburuan, are sutsuago. 
Ematen du inertzia horrek behartzen gaituela garagardo batzuk edatera, aste osoko zama gainetik kentzeko.
Edan, arnas eske.
Inertzia ahulago batek animatzen gaitu garagardo alaien ostean, zerbait fuerteagoa edatera.
Edan, arnas eske.
Eta orduan inertziak abandonatzen gaitu. Haren beharrik ez eta halaxe ikusten zaizkit niri ere irrikak eta negarrak, halaxe eramaten ditut nik ere sekretu guztiak agerian.
Zure arnasa nire egitea nahi izateraino.

Biharamunean, ezin sakonago ezkutatu den inertziaren aurka aritzen gara.
Arnas eske oraindik ere.
Igandetako liburuen irakurketak ezinezkoak egiten zaizkit. Izan ere, etengabe altxatzen ditut begiak paperetik denborari begira gelditzeko.
Denborari negar malkotan arnasa eskatzeko.

Eskerrak horrelakoetan beti dagoen norbait esango dizuna; egin negar lasai eta hartu arnasa.
Eskerrak behin baino gehiagotan ezin bustiago utzi dudan sorbalda hor egoten den arnas eskeko igandetan.

Aurrerantzean zuek ere lasai asko egin ezazue negar.
Intzirika ahal bada eta, presarik gabe.
Hustu arte. Arnasa hartu arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario