2011-12-13

Ez da gai izan zure begiradari eusteko. Luze gabe joan zaizu soa lurrera zuri ere. 

Eta esango duzu ez dakizula zergatik egiten duzuen  hori, berak ere ezjakinarena egiten duen bitartean. Aspaldiko gauzen bila moduan, txikiak zineteneko inozokeriaren (bere zentzu onenean) baitan bezela.

Esaldi gutxitan barrua hustea besterik ez da gelditzen horrelakoetan ze badakizu; batzuetan ematen du hitz askok eztarrian gelditu nahi izaten dutela, goxo. Ahots kordek hitzak bahituko balituzte legez, irten ezinik gelditu zaizkio berari ere. Eta indarrez nekez askatuko dira, sabeleko zuloan iltzatuta gelditzeraino. 
Hitz txikiak badira ere.  
Eta hamaikagarrenez, irteteko zorian zeudenak korapilatu zaizkizu azkenean.

Ikusirik bere kabutako hausnarrak iluntzen ari zaizkiola, lurretik berriz ere gora eragin die begiei, irribarrea iruditu zaizun zantzu baten atzean. 
Pareko begirada aurkitzeko beldurrez. Beldurra edo. Auskalo. 

Bat egin eta orain bai, mundua gelditu dela iruditu zaizu. Une batez bada ere.
zerua ilun, zorua orbel eta gu hain eder.  

Pd: Baina munduak ordura arte baino askeago egin du aurrera. Eta horren beldur zinen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario