2011-07-20

hitzik ez, irri bat, muxu bat.

gaur, gaur muxu bat emango dizut, beti ere bueltan irri bat jasotzeko.

ze, ez dakit kontatu dizuten baina, zure irri hori da lur bustiak estaltzen dituen behelainoa astindu dezakeen bakarra.

eta bihar, bihar etengabe muxukatuko zaitut....goitik behera, zure azalak nire ezpainak erre artean. Beti ere bueltan muxu bat jasotzeko.

ze, ez al duzu oraindik jakin zure muxuak direla eguzkiari eragiten diotenak!

2011-07-13

copyright.

hitzak hamaika zentzu dituelako, guk horiek ulertzeko dugun gaitasun urrirako.

hotza bihur dadin bero, zu bihurtzeko ni edo ni zu edo ni su edo su zu edo gu su....

2011-07-03

hitzen zergatiaren bila gabiltzalako.


Askotan jarri zara zu ere horretan. 
Askotan jarri zara pentsatzen zein ote den gu gaur eta hemen egotearen arrazoia. 
Jarri zara pentsatzen zergatik bizi ote garen eta zergatik hiltzen garen. 
Zergatik maitatzen dugun, gero elkar gorrotatzeko. 
Zergatik desiratzen ditugun horrenbeste gorputzak.  
Zergatik erortzen diren malkoak begietatik.   
Zergatik sentitzen ditugun tximeletak sabelean dantzan, guk sartzeko baimenik eman ez diegunean. 
Zergatik ezin ditugun pertsonak, begiradak, hitzak, momentuak… oroimenetik bota, indarrez saiatu arren. 
Zergatik isiltzen garen, barrua oihuka dugunean. 
Zergatik egiten duen buruak bide batetik eta bihotzak bestetik, gu garenean bien jabe. 
Zergatik lotsatzen garen. 
Zergatik lotzen gaituzten horren gogor irudimenean baino bizi ez diren sokek. 
Zergatik dugun bizirauteko premia.
Zergatik. 


Horregatik idazten dizut zuri gaurkoan. 
Esateko ezetz, ezingo diezula inoiz horiei erantzunik aurkitu.   
Bizitzari zentzua bilatzea delako, zentzugabekeriarik handiena.

2011-06-16

hitzak badakielako isiltzen, nohizbehinka bada ere.


Kortesiazkoak, hotzak, familiartekoak, lagun artekoak, motzak, luzeak, epelak, beroak, umelak, oso beroak , agur esatekoak, maitale-artekoak, sarkorrak, mingainik gabeak, oso umelak, maisailetakoak, ezpainetakoak, bularretakoak, lepo-aldekoak, arnasik gabe geratzekoak…

Jende gehienak ezagutzen ditu gustoko ditugun horiek gordetzen dituzten sekretu gordinak. Baina zuk eta nik bakarrik dakigu askotan muxu soil batek dezakeela, milaka hitzek esan ezin dezaketena.

2011-06-14

hitzak zentzurik baduelako, buruz behera ere.


Zeru ilunean ilargiak keinu egitean esnatu eta berriz ere eguzkia jaiotzean lokartuko naiz aurrerantzean. Ez dudalako munduaren mesedetan bizitzeko gogorik, premiarik ezta indarrik ere. Gaurtik aurrera, hankaz gora jarriko dut  bizitza...

Negargurak eztarrian korapilo askaezina sortzen didanean, barrez lehertuko naiz; eta barre egin beharrean malko artean itoko naiz, zentzugabekeri handiena nire eginez. 
Inpotentziak eraikitako horma ikusezinen aurrean, negar, oihu egingo dut, alperrik izango dela jakinda ere. 
Triste sentitzen naizenean ezpainak gorriz margotuta irtengo naiz kalera eta pozik nagoenean zertarako zapalduko dut ba kalea, izara artean gordeta izerditan busti ahal banaiz behin eta berriro. 
Bakardadearen oihartzun isilenean, inoiz baino irrifartsuago aterako diot mingaina bizitzari, sudur gorri eta guzti. 
Armairuko gona motzena jantziko dut neguko egunik hotzenean eta larrugorritan ibiliko naiz euripean, nire gorputza tantaz tanta busti dadin, goxo-goxo, hotzaren berotasunean.  
Hankek eutsi artean egingo dut dantza, musikarik entzuten ez denean eta esna nagoela egingo dut amets, lo galduetako amesgaiztorik ilunena berriz ez sentitzeko. 
Zigarro baten kean itoko dut zure gainean etzateko gogoa, eta gorrotoaren gorrotoz maitatuko zaitut.
Lainoetan pausatuko ditut hankak astiro, eta bertatik, eguzkia gordetzen denean esango diot egunon gauari.

Hori besterik ez eta hori baino gehiago egingo dut, NIK nahi dudalako. Eta ez, ez zara zu izango nire mundua hankaz gora jarriko duena.

2011-06-12

dantzaldia ez dadila inoiz heriotzean erori!

Ba al zenekien gauero-gauero hiltzen dela egun bat?
Tira, horrela esanda tragikoegia ematen du.
Baina pentsa, eguna hiltzen denean gaua erditzen dela
Eta berarekin ekarri ohi duela, txuriz jantzitako dama.
Gauaren erregina.
Batzuetan lotsati samarra ematen badu ere,
esaten dute beti dagoela erne, iluntasunak ez dezan
 inoiz bere egin.
Nik badakit  dantzan ibiltzen dela
zeruaren alde batetik bestera, gelditu gabe.
Eta horregatik ikus dezakegu dantzaldi bera gauero
zuk eta guk.

Berak ere somatu dezake
bakarrik sentitzen zarela batzuetan,
egunak hiltzen direnean, batez ere.
Gorputz guztira eramaten duelako horrelakoetan
odolak herrimina. 
Eta horregatik galdetu izan diozu isilean, zer moduz gauden
 eta ea gogoratzen garen zutaz.
Dantzan jarraitzen du berak orduan,
baina, azkarrago eta arinago oraingoan,
berotasunez jaso dezazun
Euskal Herritik ere  ikusten dugun
ilargiaren dantzaldia.