Nork bere burua engainatzeko joera duela iruditzen zait sarritan. Edo eztakit, 
nik nire burua engainatzekoa. 
Baina, ez da gezurretan ibiltzea gustuko dudalako. Eske ematen du ondo egon behar dugula guztiok uneoro; pozik, bizi garelako eskerrak ematen bezela. 
Eta horregatik kontatzen ditugu egi mozorrotuak gure golkorako; aurpegi ona janzteko laguntza izan daitezen. 
Niri hori gertatu zait azkenaldian, baina badakizu gezurretan ibiltzeak
ez dakarrela inoiz onik.
Sinetsi nituen zure hitzak gau hartan, 
eta barruraino irentsi. 
Esan zenidan bion artekoa zela berezia eta ez zinela izango nor 
ni inoiz mintzeko, nahita. 
Eta orduan hala sentitu nuen neure burua. 
Berezia zuretzako. 
Nire zalantzak isiltzeko asmoz egin zenuen gero, 
zuk ondo egiten dakizuna.
Goxo laztandu, 
muxukatu epel 
eta sartu, 
bero. 
Ni nintzelako berezia zuretzako. 
Berandu konturatu nintzen;
zure ahoak ere askatzen dituela gezurrak, 
noizbehinka. 
Ni une batez engainatzeko bada ere.
Gogor saiatu naiz.
Baina nire buruak ez du lortu esan dizkiodanak sinestea.
Ze, kontatu izan diot ahaztu zaitudala 
eta dardarek ez nautela berriro astindu 
begietara begiratu izan didazunean zuzen. 
Gauza gehiago ere kontatu dizkiot, 
baina esan dizut
gezurrek ez dutela askorako balio. 
Eta harrapatu nau azkenean. 
Badakielako zure usainaz akordatzen naizela oraindik 
eta konturatu delako izarak bustitzen ditudala sarri, 
malkoei eutsi nahian.
Horregatik agindu diot ez diodala berriz ere gezurrik kontatuko. 
Eta are gutxiago jendaurrean aurpegi ona janzteko bada. 
Ahultasuna leporatuko didate batzuk beharbada,
zu burutik kentzeko adina indar pilatzea lortu ez dudalako.
Baina zaude ziur botako zaitudala egunen baten 
goiko kutxatik.
Hori ere agindu eta zor diodalako neure buruari.
 
No hay comentarios:
Publicar un comentario