2012-01-08

"Letrak letraren atzean jarrita
hitzek pisua hartzen dute,
baina, kontuz ibili behar da paperean geratzen direnekin,
gotortu egiten baitira ezin aldatzeraino.
Biluzik geratzearen beldurrak jan izan nau.
Atzera egin dut. Idazketa utzi. Berriz hartu..." 

Jon Benito.

2012-01-06

Gaurko prentsak dakarrenari begira nabil, eguneroko errutinari uko egin gabe.
Berri gehienak biharkoa dute hizpide, nola ez. Haundia izango da eta. Kolosala.

"Otegik kalean behar duela atzotik, eta preso politikoek irtenbide duina gaurtik, denak pixkanaka kalean izan daitezen, bihar baino gaur hobe. Horrekin batean salbuespeneko legeria guztia eraistea, eta tortura erauztea", eskatu dio Pako Sudupek bestelako Olentzero bati.
Bihar arratsaldean elkartuko garen guztion isiltasunaren indarra izango dute mintzagai etziko berripaper guztiek.
Kolosala izan zela esango dute, nola ez. Haundia. Ez sinesteko modukoa.
Isiltasuna heldu zela ziega guztietara, berotasun olatua izan zela kanpoan daudenentzat, milaka begiradek adierazitako elkartasunak milaka hotzikara eragin zituela. Haundia izan zela. Ez sinesteko modukoa.

Berotasun olatuak erre egin zituela arrotz zaizkigunak, isiltasunak gor bihurtu zituela, milaka begiraden sareak egin zituela txiki. Ikusezin bihurtzeraino.

2012-01-05

uholdeka.

Nekatuta nago,
nekatu naiz betikotasunaz.
Nekatuta nagoenean
motzago egiten zaizkit egunak,
gauak luzeago bihurtzeko.

Gainera,
zapaltzen ari naizen lurra hauskorra da.
Eta erortzeko beldurrez esnatu naiz gaur.
Beldur naizenean biluzik sentitzen naizela,
hutsik, hauskor.
Oinen azpian dagoen lur hori bezain hauskor.

Betazalak itxi egiten zaizkidala,
azalaz barne dagoena baino ikus ez dezaten begiek.
Erotzen diren arte.
Baina eromenari heltzen badiot ez da ero nagoelako,
premia dudalako baizik.

Nekatuta nagoenean mundua korapilatzen zait eztarrian, uholdeka. 
Beldur naizenean mundua korapilatzen zait eztarrian, uholdeka.
Erotzen naizenean mundua korapilatzen zait eztarrian, uholdeka.


Baina eskerrak ez zaidan oihu egiten ahaztu. 
Oihu ere uholdeka egiten dudala oraindik. Eta eskerrak. 

2012-01-03

Joseba Sarrionandia: "Niretzat idaztea pentsatzeko modu bat da, pentsamendua eta oroimena antolatzeko era. Baita irudimen kontrafaktualeko ariketa bat ere. Oraindik hilik ez egotea da, eta, nolabait, bizi garen espaziontzian parte hartzea. Ospea ez zait interesatzen. Pas de nouvelle bonne nouvelle esaten da, ezta? Egunkarian agertzea berri txarra litzateke seguruenik. Euskal autore baten irakurleak milaka gutxi batzuk dira, baina nahikoa direla deritzot. Ezin da hainbeste jende ezagutu ere egin. Ez dut uste 100.000 irakurle izatea berez 1.000 izatea baino hobea denik, hilean 10.000 dolarrekin 1.000rekin baino askoz hobe bizi ez dela pentsatzen dudan modu berean. Dirurik gabeko maitale zoriontsuak ikusiak ditut. Ikusi ditut lau telebista baino interesgarriagoak diren ipuin kontalariak eta inork grabatzen ez dituen abeslariak.

Gustatzen zaidana idazten dut, apalki, bidezkoa iruditzen zaidana. Inork ez dit elefante zuririk oparitu eta pribilegiatua sentitzen naiz."

2012-01-02

Nik ez daukat heroi bokaziorik
baina deabruaren egoitza burua da
eta horren aurka borrokatzen naiz egunero
nik ez baitut Maitasuna ezagutzen
gazteegia naiz horretarako
pelikula gehiegi ikusitakoa,

Ni ez naiz erromantiko tragikoa
heroiak ez dira esistitzen honezkero
eta Maitasuna ez omen da hain gauza epikoa
eta euria ari du kalean eta hori ez da aldatuko
nahiz eta nik Maitasuna ezagutu
edota heriotza.

Nik ez daukat hitz handien beharrik
goizero gosaria prestatzeko
letra larriek ez didate kafea berotuko
ez dute berogailua ordainduko
eta goizegi da eta hotzegi.

Nik ez dut Maitasuna ezagutzen
gazteegia naiz horretarako
pelikula gehiegi ikusitakoa.

© Jon Gerediaga 

2012-01-01

Urtea joan dela ihesi baina ni hemen nagoela. Izarapean berriz ere.
Izan dezadan gaurtik eguzkiaren epela gozatzeko aukera, nik zu gabe.
Eta opa dizut euria, busti zaitzan ni ez naizen auskalo nork.
Umela izan dela joan zaigun urtea, irristakor izateraino.


Eta ederragorik zer, datorrena izerditan blai hastea baino.