2011-09-18

hitzak pisua omen du.

Norbaiti entzun nion egiak bere lekua galtzen duela, garaiz esaten ez denean.

Ez inori esan baina, badut kate antzeko bat, lepotik hasita gorputz osoa hartu didana. Besoak eta hankak korapilatu dizkit lehenengo, atzamar eta behatzekin lotzeko gero. Muskulu eta hezurrak ere katearen esanetara jarri dira eta ez dira nire garunaren aginduei erantzuteko gauza.
Egiaren pisua deitzen diote horri.
Baina itxoin egingo dut. Jendeak esaten duelako egiak bere lekua galtzen duela, garaiz esaten ez denean. Eta suposatu dut egiak bere lekua galtzen badu, lotu nauen katea ere askatu egingo dela.  Zuk ordea ondo dakizu ez dela hori gertatuko. Eta hor jarraitzen du kateak, nire odol guztia ahalik eta gogorren lotzen.

Kalean elkartzen bagara esango dizut nire oheak ere somatzen duela kate bat bere baitan, gainean behar zaituela esatera ausartu ez zelako behin. Esango dizut beste kate batek hartu duela nire logelako ispilua, bera ere ausartu ez zelako esatera gu bion isla ikusi nahi zuela goizero-goizero.
Esango dizut nire azala, bularrak, oinak, ezpainak, ilea, hezurrak, azazkalak, muskuluak, besoak…direla lepotik hasita gorputz osoa kateatu didan horren pisua beste egun batez jasan ezin dutenak. Orainarte ausartu ez naizelako zure arnashotsa oso gertu behar dudala esatera.

Eta hasi da katea askatzen…

No hay comentarios:

Publicar un comentario