2011-11-26

Kontatu nahi dio zorakeria egiteko prest dagoela eta, zorakeria egitera doanari gertatzen zaion bezala, erreakzio berezia sentitzen duela gorputzean, hankak arinago doazkiola, gorputzak pisurik ez baleuka bezala.
Eta, zorakeria egitera doazenei gertatzen zaien legez, ohartu dela bere gorputzaren proportzio handiena ura dela, ur korronteak nabaritzen dituelako gorputzean gora eta behera, alde batetik bestera. Olatuak bere bihotzaren kontra jotzen sentitzen dituela eta sortzen den bitsa ahotik irten behar zaiola, hitz bihurtuta.
Eta, bat batean, aurrean duen guztiak hartu duela borobiltzeko joera eta ez duela izkinarik ikusten. Borobildu egin dira ertz guztiak. Zorakeria bat egitera doanak bezela, tontor garai batean ikusten du bere burua. Salto egiteko prest.
Eta ez du beldurrik sentitzen, beheko aldean ura dagoelako, eta, azken batean bera ere ura delako.


Karmele Jaio

No hay comentarios:

Publicar un comentario