2012-03-07

Nola bihurtu naizen ezezagun, nola bihurtu naizen ikusezin, nola bihurtu naizen lapur. 
Ezezaguna naiz nire aurrean, ikusezina ispiluak eznauelako ikusten, lapurtzat dut nere burua. 

Eskuak lotzen ditut bizkarrean bularrak estalita, ez dagoelako fidatzerik. Ez dago fidatzerik, ez. Zu eta zu eta zu eta zu eta beste zu gogoratzen ditudan bitartean, ez dago fidatzerik. Zure begiradak egin nauelako ikusezin, zure bizkarrak egin nauelako lapur, zuk bihurtu nauzulako lapur. 

Berandue dela, beti beranduegi ez den arren. Esan nahi dizut gaur esnatu naizela beste behin ikusezin, ezezagun. Esnatu naiz lapur, neguari egunak lapurtzeko gogoz. Badatorrelako udaberria, ausardiaz gainezka. 
Gaur lapurra naiz zuk hala irakatsi zenidalako baina, ez dakit ematen. Ze, honezkero ez dut ezer gehiagorik emateko. Hustu naiz. Hustu naiz zurekin eta zuretzako. Baina zertarako. 

Eta orain, begietan malkorik ez banu, esango nuke benetan hustu naizela. Hustu nauzula guztiz. Baina, zinez, malko hauek merezi dituen beste batentzat gordeko ditut. Gerturatzen ikusten nauen bakoitzean zirrara bat sentituko duen norbaitentzat. 

Lapurra naiz, lapur ikusezina, ezezaguna niretzako. Neguari kendu nahi dizkiodalako minutuak, udaberriari segundu amaiezinak oparitzeko. 

2012-03-01

"Bitxia da nola burutu gabeko gertakariak, eman gabeko pausoak, esan gabeko utzitako esaldiak iltzatzen zaizkigun memorian eta azaleratzen diren gero behin eta berriz eta saiatzen diren, irudimenaren edo fikzioaren bidez besterik ez bada, gertakari bihurtzen. Antzeko zerbait gertatzen zaigu askotan estreinatzera iritsi gabeko maitasun istorioekin edo azkarregi zapuztu direnekin ere. Bizi izandakoak ahazten ditugu eta goizegi hil zirenek irauten dute, izateko eskubidea errebindikatuz-edo mintzo zaizkigu, eta seguru nago heriotzako orduan ere gure bizitzako alde bete gabe horren damuak goibelduko gaituela gaizki eginenak baino gehiago. "

Zwei Frauen (Joxean Agirre)

2012-02-22

"Aspaldiko kontua da. Asko jota, harremanak ondo ateratzen direnean edo pasioak denboran irauten duenean, amodioa berrasmatu egingo dut izara artean lantzean behin, baina gainontzean oso sinplea naiz. Nahiko konplikatua da berez aurrean biluzik duguna ulertzea, mugimenduak sinkronizatzea, gustatzen zaiguna zer den esplikatzea, bera gu bezain gustura sentiaraztea eta gaurkoa amaitu eta gero biok zer nahi dugun definitzea, gainetik amodioa ere egin behar izateko. Barkatuko didazue, baina larrua jotzea askoz errazagoa da".

Eta horrela, egunetik egunera hartzen dute hitzek pisua, nahi gabe.
Larrua jotzea, besterik gabe, beste ezer baino askoz errazagoa dela badakigulako zuk eta nik. 

2012-02-19

"Eta pertsonok, geuregandik ateratzen ditugunez munduan egin ditugun obra eder guztiak, geure buruari ere eraikitzen dizkiogu harresiak. Badago horma handiaren atzean ezkutatuta bizi den jendea, eta haren begiek ez dakit nolako mezu misteriotsuren bat dutelakoan, urteak ematen ditugu horma apurtu nahian. Pentsatzen dugu horma horren hoztasunak bihotz on bat babesten duela, eta bilatu egin nahi izaten dugu. Baina nik bihotza azalean daukat, eta inorenaren bila hormak botatzen hasten naizenean, neurea apurtzen dut. Harresien atzean ezkutatu nahi duenak horretarako eskubide osoa du, baina neuk ere ikasi dut kanpotik begira gelditzen; sartu gabe. Harresiek beti ez baitituzte gauza ederrak gordetzen"

Onintza Enbeitia

2012-02-14