2011-06-12

dantzaldia ez dadila inoiz heriotzean erori!

Ba al zenekien gauero-gauero hiltzen dela egun bat?
Tira, horrela esanda tragikoegia ematen du.
Baina pentsa, eguna hiltzen denean gaua erditzen dela
Eta berarekin ekarri ohi duela, txuriz jantzitako dama.
Gauaren erregina.
Batzuetan lotsati samarra ematen badu ere,
esaten dute beti dagoela erne, iluntasunak ez dezan
 inoiz bere egin.
Nik badakit  dantzan ibiltzen dela
zeruaren alde batetik bestera, gelditu gabe.
Eta horregatik ikus dezakegu dantzaldi bera gauero
zuk eta guk.

Berak ere somatu dezake
bakarrik sentitzen zarela batzuetan,
egunak hiltzen direnean, batez ere.
Gorputz guztira eramaten duelako horrelakoetan
odolak herrimina. 
Eta horregatik galdetu izan diozu isilean, zer moduz gauden
 eta ea gogoratzen garen zutaz.
Dantzan jarraitzen du berak orduan,
baina, azkarrago eta arinago oraingoan,
berotasunez jaso dezazun
Euskal Herritik ere  ikusten dugun
ilargiaren dantzaldia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario