2011-06-14

hitzak zentzurik baduelako, buruz behera ere.


Zeru ilunean ilargiak keinu egitean esnatu eta berriz ere eguzkia jaiotzean lokartuko naiz aurrerantzean. Ez dudalako munduaren mesedetan bizitzeko gogorik, premiarik ezta indarrik ere. Gaurtik aurrera, hankaz gora jarriko dut  bizitza...

Negargurak eztarrian korapilo askaezina sortzen didanean, barrez lehertuko naiz; eta barre egin beharrean malko artean itoko naiz, zentzugabekeri handiena nire eginez. 
Inpotentziak eraikitako horma ikusezinen aurrean, negar, oihu egingo dut, alperrik izango dela jakinda ere. 
Triste sentitzen naizenean ezpainak gorriz margotuta irtengo naiz kalera eta pozik nagoenean zertarako zapalduko dut ba kalea, izara artean gordeta izerditan busti ahal banaiz behin eta berriro. 
Bakardadearen oihartzun isilenean, inoiz baino irrifartsuago aterako diot mingaina bizitzari, sudur gorri eta guzti. 
Armairuko gona motzena jantziko dut neguko egunik hotzenean eta larrugorritan ibiliko naiz euripean, nire gorputza tantaz tanta busti dadin, goxo-goxo, hotzaren berotasunean.  
Hankek eutsi artean egingo dut dantza, musikarik entzuten ez denean eta esna nagoela egingo dut amets, lo galduetako amesgaiztorik ilunena berriz ez sentitzeko. 
Zigarro baten kean itoko dut zure gainean etzateko gogoa, eta gorrotoaren gorrotoz maitatuko zaitut.
Lainoetan pausatuko ditut hankak astiro, eta bertatik, eguzkia gordetzen denean esango diot egunon gauari.

Hori besterik ez eta hori baino gehiago egingo dut, NIK nahi dudalako. Eta ez, ez zara zu izango nire mundua hankaz gora jarriko duena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario