2012-05-01

Hainbeste gauza konparti daitezke lagun batekin: bizio bat, ahultasun bat, sekretu bat. 
  Baina, posible da, eta posible baino askoz gehiago, oso gertagarri, behiala lagun izandakoak ezagun bihurtzea, haien jarrerak eta esamoldeak arrotz sentitzen hastea egun batean, haien izateko modua edo haiek ikusteko gure modua aldatzea, garai bateko haien umore ateraldiak ulertzeari uztea, jada ez bereiztea noiz den txantxa bat min intimo baten estalki. Bai, gertatzen da. Lagunak ezagun bihurtzen dira, eta denbora aski emanez gero, ezagunak ezezagun bihurtzen dira, euren fedea eta euren denbora zeure eskuetan izateari uzten diozu. Onartu beharrean zaude orduan egia mingarria: beharbada ez zarete inoiz horren lagunak ere izan. Garagardoak eta musika talde zenbaitek mantentzen zintuzteten estekatuta, «hilotzaren hondarra karraxika».
  Lagun berriak sor daitezke tarteka, zeure ogibidearekin lotutako lagunak eskuarki, kezka eta interes berrien araberakoak gehienetan, familiatik eratorriak beste askotan, baina desagertua da garai bateko odol-itunen sentipen betierekoa, norbere eskuekin eta adiskidearen buztinezko gorputzari puska kenduta eraikitako eskultura bat bezalakoa zen leialtasunaren promesa, elkarrekin egindako barre sano eta lehiarik gabea. Eta ezin duzu inor errudun jo: zu zeu zara errudun bakarra.
    Zergatik ez onartu nerabeen arteko maitasun harreman despistatuen gisakoa dela adiskidetasuna ere: sekula ahituko ez dela dirudien indar metaketa, sekula hautsiko ez dela dirudien lotura magnetikoa, izatez eta egiaz erabat zirkunstantziala eta amaikorra. 


        Twist, Harkaitz Cano

No hay comentarios:

Publicar un comentario